Ondoko eskema, Xmind programaren bidez egina dago. Dohaineko programa da eta eskemak, kontzeptu mapa zein eskema hierarkiko modura egiteko erreminta erraz eta oso erakargarria da. Klasean azken errepaso modura erabiltzeko helburuarekin egin dut eta, batik bat, irudiak erabiliz osatu dut.
Gustukoa baduzu, eskema jaitsi dezakezu zure ordenagailuara eta Xmind programarekin ikusi, adar ezberdinak bildu, hedatu edo ezabatu... azken finean zurea egin eta gero beste batzuekin elkarbanatu.
(Bere osotasunean eskema ikusteko klikatu eskubiko beheko aldeko karratutxoan eta gero zoomaren barra mugituz tamaina egokira jarri)
Lurra gure planeta
Universe Today-ko Earth atalean ingelesez lurrari buruzko informazio asko dago modu errazean aurkeztua.
Google earth
Google Earth erabili daiteke lur planetaren informazio asko lortzeko, ez bakarrik lurra, baita ere, Ilargiarena eta beste planetena ere.
Programa jaitsi ondoko argazkian klikatuz eta lurreko itsas hondoak, kontinenteak, egun argia eta gauaren itzala jarri, ilargiaren aldiak, zeruko konstelazioak.... adibidez ikus daiteke.
Lurraren errotazio eta translazioa
Lurrak bere buruarekiko bira egitean errotazioa egiten du. Errotazio honen bira bat, 24 ordutan egiten da, hau da, egun batean. Eguzkiak lurraren erdia argiztatzen du, ondorioz eguna eta gaua izango dugu bira bakoitzean.
Errotazioa Ipar eta Hego poloak zeharkatzen duen itxurazko ardatz baten inguruan egiten du eta ardatza inklinaturik dago.
Ardatzaren inklinazioak urtean zehar egunaren eta gauaren iraupenaren arteko aldeak eragiten ditu eta ondorioz, Urtaroak.
Translazio higidura, Lurrak eguzkiaren inguruan egiten duen bira da. Bira osoa ematen 365 egun behar ditu eta urtea izendatzen dugu.
Translazioan zehar egiten duen ibilbideari orbita esaten zaio, orbita ez da guztiz zirkularra, baizik eta, eliptikoa ( arrautza formakoa).
Lau urtaroen, uda, udazkena, negua eta udaberriaren arteko muga egunak solstizio edo ekinozio egunak dira. Ondoko irudian agertzen dira, bakoitza dagokion datarekin.
Solstizioetan, egun eta gauaren arteko alderik handienak daude, eta ekinozioetan, aldiz, eguna eta gauaren iraupena berdinak dira.
Errotazio, translazio eta urtaroekin loturiko irudiak handiagoak ikusteko klikatu irudien gainean.
Eta ondorengo bideoan agertzen da labur-labur zergatik gertatzen diren urtaroak.
Lurraren satelitea: Ilargia
Zergatik erakusten digu ilargiak beti aurpegi berbera?
Ilargiak, errotaziorako eta lurraren inguruan translazioa egiteko behar dituen denborak, berdinak direlako, hau da, biak egiteko 28 egun behar dituelako.
Adibidez, ondoko irudia begiratu ezkero (ilargiaren barnean irudikatutako bi kraterren kokapena begiratuz), ilargiak bere translazioaren ibilbide erdia egiten duen bitartean, errotazio erdia egiten du ere bere buruarekiko, eta ondorioz, lurrari alde edo aurpegi bera erakusten dio. (Lurretik ezin ditugu inoiz ez ikusi bi kraterrak).
Hori dela eta, ikusten ez den alde horri ilargiaren ezkutuko aldea esaten zaio .
Ilargiaren bi aldeak
Ilargiaren faseak
Ilargiaren faseak edo aldiak, lau dira: ilbetea, ilbehera, ilberria eta ilgora.
Beheko irudietan klikatu handiagoak ikusteko.
Eklipseak
Eklipseak astro batek beste bat estaltzean datza. Eguzki, Lurra eta Ilargiaren artean bi motatako eklipse izango ditugu, Eguzki eklipsea eta Ilargi eklipsea.
Ondorengo bideoak Celestia programarekin egindakoak ikuspuntu ezberdinetik erakusten dituzte eklipse ezberdinak. Lehenik ikusgarriena den Eguzki eklipsea: Ilargia eguzkiaren eta lurraren artean nola kokatzen den ikusten da.
Beste honetan berriz, ilargiak lurraren gainazalean egiten duen itzala ikus daiteke (hego hemisferioan, mendebaldetik ekialdera mugitzen den itzala):
Bigarren, Ilargi eklipsea, ilbeteko gauetan gertatzen dena, aurrekoa baino maizago eta askotan oharkabe. Bideoan, Lurra, Eguzki eta Ilargiaren artean nola kokatzen den ikusten da (lehen planoan dagoena ilargia da, beraz eklipsea ilargitik nola ikusiko zen erakusten du):
Azken bideo honetan, Ilargiaren gainean Lurraren itzal nola proiektatzen den ikusten da: